XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

d) Ez da idazlan honen asmoa, ez zuzenean eta ez zeharka, zein hitz konkretu bai eta zein ez mailegatu eztabaidatzen hastea, gure artean askotxotan egin ohi denez; bere helburu bakarra, aitzitik, honako beste hau da:hitz horietako bat mailegatzekotan, mailegu horri ahoz eta idatziz zer-nolako trataera eman proposatzea baizik.

Lehenengo galderari ez dirudi, egungo beharrizanen ugaritasuna kontuan izanik, banakako aukerabideez erantzun gotorrik ematerik dagoenik.

Hitz honen, horren edo harako bestearen arazoa baino askozaz gehiago lanbide- eta ikasketa-sail gehienetara aplika dezakegun eta/edo aplikatu nahi dugun batezbesteko hiztegi-tipologia bait da hemen, itxura osoz, auzigai nagusia.

Mailegutza besarkatuz hitz-eraketarako baliabide desberdinez diharduen hurrengo idazlan batean tratatuko da gai hori merezi duen zabaleroaz, eta han azalduko dira, halako xehetasun batez, UZEIn eraturiko Gabon-bilera haietan eta harez gero puntu honetaz agertu izan diren jarrera desberdinak.

Honekin azaldua dagoke, beraz, lan honen jatorria eta xedea.

Esan beharrik ere ez dago bere prestakuntzan parte hartu dugunok nahiko garbi ikusten dizkiogula ahuldadeak eta hobekizunak: - Ebakera eta idazkera praktikan nahi bezain zorrotz bereiztea lortu ez izana ez da, nolanahi ere, horietariko txikiena izango.

- Lana bukatu arte ez gara konturatu, orobat, ebakeraren sailean ez diegula bokal-multzoei, zeharbidez izan ezik, beharreko arretarik eskaini.

- Irentsi gabeko maileguen arazoari ez diogu azkenean, egunetik egunera hartzen ari zen geroz eta neurri zabalagoa kontuan izanik, halako aurkezpen-ataltxo labur bat besterik eskaini.

Badago asmoa, hain berandu gabe, aparteko txosten monografiko moduan bere luze-zabalean landuta argitara emateko.